Kooperatibismoa

Currently browsing: Kooperatibismoa

  • Ondorioa

    Orokorrean, Printzipio Kooperatiboak Mugimendu Kooperatiboaren zati funtsezkoena dira. Hasieratik bertatik Mugimendua hezurmamitu duten balioen ondorioa, Mugimenduaren ikuspegi esanguratsuek sortzen dituzten jarrerak zehaztu eta egiturak osagarritu egiten dituzte.

    Erakunde kooperatiboak garatzeko kooperatibistek baliatzen dituzten jarraibideak dira. Berez, oinarrizko printzipioak dira, belaunaldien eskarmentuaren eta pentsamendu filosofikoaren ondorioa. Hortaz, malguak, maila desberdinetan, kooperatiba desberdinetan, egoera desberdinetan gauzagarriak dira. Edozeren gainetik zera eskatzen dute, kooperatibistek erabakiak har ditzatela: esate baterako, bere erakundeen demokraziaren izaeraz, partaide desberdinen eginkizunez, eta sortutako etekinen banaketaz. Funtsezko ezaugarri hauek egiten dituzte kooperatibistak eraginkor, kooperatibak desberdin, eta Mugimendu Kooperatiboa baliotsu.

  • Komunitatearen interesaren Printzipioa

    Kooperatibek lan egiten dute bere komunitateen garapen eusgarria lortzeko, bazkideek onartutako politiken bidez.

    Kooperatibak bereziki bazkideen onurarako sortutako erakundeak dira. Bazkideen arteko batasun sendo honen ondorioz, batzuetan, eremu geografiko zehatz batean, kooperatibak maiz egoten dira loturik bere komunitateei. Erantzukizun handia daukate bere komunitateen garapena kulturalki, sozialki eta ekonomikoki eusgarria izan dadin. Era berean, komunitate horietako ingurumena babesteko erritmo iraunkorrean lan egiteko erantzukizuna ere badute.

  • Kooperatiben arteko elkarlanen Printzipioa

    Kooperatibek bere bazkideen alde jokatzen dute ahalik eta ongien eta Mugimendu Kooperatiboa indartzen dute, herri, nazio, eskualde eta nazioarteko egituretan elkarrekin lan eginez.

    Kooperatibek soilik biderkatu dezakete bere eragina elkarlan zehatz eta zorrotzaren bidez. Tokian tokikoan ez ezik, mundu osoan ere bai. Estatuek nazioarteko ekonomia kontrolatzeko ahalmena galtzen duten heinean, kooperatibek aukera ederra daukate jende xumearen interes zuzenak babestu eta zabaltzeko.

    Printzipio honek aliatu ezin hobea dauka Balio eta Printzipio Kooperatiboetan, munduko kooperatiba guztien altxor ideologikoa, muga, ekoizpen-sektore eta sistema politikoen gainetik elkarlanaren beharra ulerrarazten duena. Badaukagu guztiona den zerbait babestu beharra:  Nortasun Kooperatiboa.

    Kooperatiben batasunaz edota elkarlanerako jarduera zehatzez gain, egitura instituzionalek (Federazioek, Konfederazioek eta, azkenik, Nazioarteko Aliantza Kooperatiboak) lan izugarria egiten dute arlo honetan.

  • Hezkuntza, heziketa eta informazioaren Printzipioa

    Kooperatibek hezkuntza eta heziketa ematen diete bazkideei, haututako ordezkariei, zuzendaritza taldekoei eta langileei, kooperatiben garapenean era eraginkorrez lagundu dezaten. Gizartea, bereziki gazteak eta iritzi-gidariak, informatzen dute, kooperatiben izaeraz eta onurez.

    Kooperatibak osatzen dituen jendea, bazkideak edo ondasun eta zerbitzuen ekoizpenerako kate-mailak bainoago, pertsonak dira, eta, Printzipio hau dela eta, Mugimendu Kooperatiboak garrantzi handia eman dio jendearen garapen osoari zein hezkuntzari. Balio eta Printzipio kooperatiboei buruzko hezkuntza bereziki, kooperatibak osatzen dituzten lagunek argi eta garbi eduki dezaten enpresa bateko langile hutsa baino askoz gehiago badirela. Jendeari balio hauek jakinarazteaz gain, onartu eta bere egin ditzaten lortu behar da.

    Kooperatiben beste arrakasta historiko bat langileen etengabeko heziketagatiko kezka izan da, arlo tekniko hutsetatik harantzago joanez lehenago aipatu dugun garapen oso hori eskuratzeko.

    Informazioa zera da, gizarteari eredu kooperatibistaren onuren berri ematea, bai gizarte eta ekonomia antolakuntzaren eredu gisa, bai mundu hobe baten aldeko etorkizuneko apustu gisa.

  • Autonomia eta independentziaren Printzipioa

    Kooperatibak nork bere buruari laguntzeko elkarteak dira, bazkideek kudeatzen dituztenak. Beste erakunde batzuekin hitzarmenak sinatzen badituzte, gobernuak barne, edo kanpo finantziazioa lortzen badute, bazkideen kontrol demokratikoa eta kooperatibaren autonomia bermatzeko moduan egin behar dute.

    Enpresa kooperatibak modu zuzenago batez banatzen ditu etekinak, berauek lortzeko lanean ibili diren guztiak banaketako partaide bihurtuz. Horrela aitortu egin dute gobernu eta legeria gehienek. Era berean, legegintzaren bidez estatuek sustatu eta lagundu egiten dute kooperatiben sorkuntza. Hala ere, laguntza horrek bere iturburua dauka kooperatibaren kontzeptuan bertan zein enpresa mota hau hezurmamitzen duten balio eta printzipioetan. Horregatik, sustapen jarduera hau beharrezkoa bezain baldintza gabekoa da eta ezin izango du inoiz kooperatibaren izaera lardaskatu dezakeen baldintzarik jarri, ezta kooperatiben kontrola bazkideen Batzar Orokorrari kendu ere.

  • Bazkideen parte hartze ekonomikoaren Printzipioa

    Bazkideek ekitatiboki egiten diote ekarpena bere kooperatiben kapitalari eta demokratikoki kudeatzen dute. Gutxienez kapital honen zati bat kooperatibarena da. Gehienetan, bazkidek konpentsazio mugatu bat jasotzen dute, beti ere aukera badago, bazkide izateko jarritako kapitalagatik. Bazkideek etekinak helburu hauetarako guztietarako edo hauetariko batzuetarako erabiltzen dituzte: kooperatibaren garapena, gehienetan erreserbak sortuz, hauetariko zati bat, gutxienez, banaezina delarik; bazkideen onurarako, kooperatiban egindako lanaren arabera; eta bazkideek onartutako beste jarduera batzuei laguntzeko.

    Kooperatibentzat, kapitala erakundearen morroia da, eta ez nagusia. Jendearen beharrak asetzeko existitzen da, eta Printzipio honek azaltzen du, bai nola hartzen duten parte bazkideek kooperatiben kapitalean, baita nola erabakitzen duten etekinak banatzea ere.

    Bazkideek ekitatiboki egiten diote ekarpena bere kooperatibaren kapitalari, eta ekarpen horiek egiteko lau bide desberdin daude:

    • Bazkide bakoitzak egiten duen ekarpena kooperatiban sartzean.
    • Legalki xedatutako funtsak gordetzea, etekinak daudenean.
    • Kooperatiban uztea dagozkion etekinen zati bat, hau da, kooperatiba-itzulkin positiboak kapitalizatzea.
    • Egoera berezietan, kooperatibak finantza beharrak dituenean, kapitalari ekarpen berriak egitea.

    Bazkideen parte hartze ekonomikoa dirua “jartzea” ez ezik, kooperatibaren jarduerak sor ditzakeen etekinen erabilpena erabakitzea ere bada. Behin aurreko urteetako galera posibleak konpentsatuta eta zergak ordainduta, bazkideek hiru bide hauen artean aukeratu behar dute:

    • Erreserbak sortzea, kooperatibaren garapena eta finkapena bermatzeko.
    • Bazkideak saritzea “kooperatiba-itzulkinaren” bidez. Itzulkin hauek kalkulatzen dira ekitatiboki eta beti ere kooperatibizatutako jardueraren arabera, hots, bazkideak jardueraren garapenean eduki duen inplikazio mailaren arabera, eta inoiz ez jarritako kapitalaren arabera.
    • Bazkideek erabakitako beste jarduera batzuk laguntzea.
  • Nazkideen kudeaketa demokratikoaren Printzipioa

    Kooperatibak bazkideek demokratikoki kudeatzen dituzten erakundeak dira, bazkideek aktiboki parte hartzen dute kooperatibaren politika ezartzen eta erabakiak hartzen. Kooperatibak kudeatu eta ordezkatzeko hautatutako gizonemakumeak bazkideen aurrean erantzuleak dira. Lehengo mailako kooperatibetan bazkideek bozka eskubide berbera daukate (pertsona bat, bozka bat), eta beste mailetako kooperatibak ere demokratikoki antolatuta daude.

    Printzipio honek azaltzen du nola funtzionatzen duen kooperatiba batek. Kooperatiba baten botere gorena daukatenak Batzar Orokorrean bildutako bazkideak dira. Lehengo mailako kooperatibetako batzarretan bazkideek erabakitzeko ahalmen berbera daukate. Pertsona bat, bozka bat.

    Bigarren mailako kooperatibetan ere, hots, beste kooperatiba batzuek osatutako kooperatibetan, erabakiak hartzeko prozedura antolatzen da guztiak ahalik eta era zuzenean ordezkaturik egon daitezen. Kooperatiba bateko administratzaileen eginkizuna bazkideek ematen dieten baimena garatzea baino ez da, hau da, kooperatiba ordezkatzeko eta eguneroko kudeaketaz arduratzeko baimena.

  • Elkarte boluntario eta irekiaren Printzipioa

    Kooperatibak erakunde boluntarioak dira, euren zerbitzuak erabiltzeko gai diren eta bazkide izateko ardura hartzeko prest dauden pertsona orori irekiak, sexu, gizarte, arraza, kultura edota erlijio zioengatiko bazterketarik gabekoak.

    Hau da kooperatiba batean sartzea eta bertatik ateratzea arautzen duen Printzipioa, Mugimendu Kooperatiboan “Ate irekietako Printzipioaren” izenarekin ere ezagutzen dena. Ez dago arrazoi baztertzailerik inori debekatzeko kooperatiba batean sartzea edo kooperatiba batetik aterarazteko. Printzipio honek ondo baino hobeto azaltzen duen bezala, kooperatiba batean sartzeko bi betekizun daude bakarrik.

    Bata: haren zerbitzuak erabiltzeko gauza izan, kooperatibaren funtsa, enpresaren ikuspuntutik, behar zehatz batzuk asetzea baita. Ezin zara kooperatiba bateko partaide izan soilik kapitala jarriz berau biderkatzeko asmo hutsarekin, beste ezertaz kezkatu gabe, beste enpresetan egiten den bezala.

    Biga: bazkidea izateko erantzukizunak onartzea. Norberaren arduraren balioa lehenengo Printzipioan islatzen da. Kooperatiba batean sartzen den lagun orok bere egin behar du proiektua, honek dakartzan erantzukizunekin.

  • Kooperatiben Printzipioak

    Eta horrexegatik eta horrexetarako, kooperatiben balioek eguneroko jardueran isla eduki dezaten, tresna ezin hobea daukagu Kooperatiben Printzipioetan. Praktika hauek Kooperatibismoko aitzindariek ezarri zituzten orain dela 150 urte; aipa dezagun Printzipio hauek historian aldaketa gutxi eduki dutela, jatorrizko izpirituari eutsi diotela, eta Nazioarteko Aliantza Kooperatiboak, kooperatibismoaren sustapen eta defentsaz arduratzen den munduko erakunde gorena denak, 1995ean laburbildu zituela jarraian agertuko diren bezala:

  • Balioak

    Kooperatibak nork bere buruari laguntzean, norberaren arduran, demokrazian berdintasunean, zuzentasunean, elkartasunean, zintzotasunean, gardentasunean, eta gizartegintzan oinarritzen dira

    “Nork bere buruari laguntzea” jende guztiak bere patua kontrolatu ahal eta behar duelako ustean oinarritzen da. Norberaren gaitasun eta baliabideetan fidatzea da. Kooperatibistok, gainera, zera sinesten dugu, gaitasun horiei etekin handiena ateratzeko era onena dela besteekin elkartzea.

    Elkarrekin aritze horrek, “denok batera” horrek, “norberaren arduraren” berme erantsia darama. Seriotasunez egiten dugu elkarlanaren aldeko apustua. Nor bere lekutik, baina elkarlanaren ondoriozko talde horrek lagunduta, guztion proiektuaren eraginkortasunaren arduradun gara.

    Berdintasunean” oinarritzen dira kooperatibak. Kooperatibaren oinarrizko unitatea bazkidea da eta bazkide kontzeptua kooperatibetan berdintasunezkoa da. Honek esan nahi du berdinak garela pertsona izate hutsagatik. Nahiz eta oinarri-oinarrizkoa iruditu, gizakiari buruzko ideia hau ez da betetzen batik bat kapitalaren etekinei begira dauden enpresetan. Kooperatibetan bozka emateko, informazioa jasotzeko eta etekinetan banatzeko eskubide berberak dituzte bazkide guztiek, jarri duten kapitalaren kopurua kontutan hartu gabe.

    Baina kooperatiba bat osatzen duten pertsona guztiak berdinak badira ere, ezin da ahaztu Printzipio hau beste Printzipio batek, “zuzentasunarenak”, hain zuzen, hobetzen duela. Guztiok aukera berberak ditugu, baina bakoitzak jasoko du eman duenaren arabera, egin duenaren arabera. Adibidez, kooperatiba batean etekinak banatzean, ez dugu inoiz kontuan edukiko bakoitzak jarritako kapitalaren kopurua, “kooperatibizatutako jarduera” baizik.

    Hurrengo balioa “elkartasuna” da. Balio honek historia luzea eta emankorra dauka Mugimendu Kooperatiboan. Jarduera kooperatiba ez da soilik norberaren interes mozorrotua. Kooperatiba bat ez da bazkideen elkarte hutsa, kolektibitate bat baizik. Elkarlanean fidatzen garenez, taldearen interes orokorrekin zein taldekide bakoitzaren interes partikularrekin bat egiten dugu. Eta garrantzitsuena zera da, elkartasun jarrera hori Kooperatibaren barruan geratzen den indarra izatetik Kooperatibak kanporantz bideratzen duen indarra izatera pasatzen dela, guztion ongizatearen zerbitzuan jartzeko, ez Kooperatibaren zerbitzuan, gizarte osoarenean baizik.

    Zintzotasuna” kooperatiben beste ezaugarri bat da. Historikoki kooperatibak saiatu dira pisu eta neurri zuzenak erabiltzen, eta aitzindariak izan dira produktuen kalitatea eskatzen. Kalitatea ez da salneurri zuzenaren etsai izan behar, kontsumo-kooperatibek erakutsi egin duten bezala. Lan elkartuko kooperatibek, bestaldetik, historian ospe ona lortu dute kudeaketa irekiko sistema zintzoak sortzeko egindako lanagatik. Mailegukoek ere beste horrenbeste lortu dute mundu osoan negozioetan erakutsitako zintzotasunagatik, bereziki interesak kalkulatzerakoan. Eta nekazaritza-kooperatibek aurrera egin dute kalitate handiko eta ondo etiketatutako produktuekiko konpromisoa azalduz, elikagaien segurtasunaren kezka orokorretik abiatuta.

    Zintzotasun honek isla garbia dauka kooperatiben balioetatiko bat den “gardentasunean”. Ez dago kooperatiba bezalako enpresa egiturarik, bazkideen, administrazioaren eta gizarte osoaren informazio eskaerak erraztu eta azkartzeko.

    Gizartegintza” da kooperatiben aktiboen zerrendari bukaera ematen dion balioa. Egia esan, beste guztien ondorio hutsa da. Horrela, talde baten elkarlanak talde horren beharrak asetzeaz gain, garatzen den gizartean eragin zabala lortzen du, eta nork bere buruari laguntzeak, zuzentasunak eta elkartasunak bere baitan biltzen dituzte kooperatibaren interes hutsak baino zabalagoak diren beste batzuk, hots, gizarte osoaren interesak. Adibide gisa, hor dago legeak kooperatibei onartzen dien eskubidea bere etekinen zati bat haien inguruko sustapen kultural, profesional edota asistentzialean gastatzeko.

    Laburbilduta, oso zaila izango litzateke balio hauek gizakiaren zein enpresaren ikuspuntutik gaitzestea; beraz, Mugimendu Kooperatiboko partaide guztion erantzukizuna da balio hauek gure kooperatiben eguneroko jardueran islatzea.