1

EUSKALOVO Km0 jaio da, Euskadiko oilo arrautzen ekoizleen elkartea

Elkarteko kideek EUSKALOVO Km0, Hobea eta Norovo markekin merkaturatuko dituzte beren produktuak.

 

Helburua da hegaztizainek enpresa handien mende dagoen merkatu global batean lehiatu ahal izatea, aldi berean elikagaien kalitatea, segurtasuna eta jatorria bermatuta.

 

Gaur goizean EUSKALOVO Km0 aurkeztu da, oilo arrautzen ekoizle diren nekazarien elkarte gisa, eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikaduraren Politikako sailburuordek Bittor Orozek presiditu du aurkezpen ekitaldia.

 

EUSKALOVO Km0 elkartea berriki sortu da, eta gaur egun zortzi bazkide sustatzaile ditu. Horiek 11 milioi euro inguru fakturatzen dute, eta elkarteak aurreikusten du 2020a amaitu baino lehen Autonomia Erkidegoan guztira ekoizten denaren ia ehuneko 80 elkartean integratzea kooperatiba erregimenpean.

 

Ekitaldia Bilbon egin zen, eta bertan parte hartu zuten, halaber, Josune Larrabek, hegaztizainak eta EUSKALOVO Km0 elkarteko presidenteak, eta hurrenez hurren Corporación OVO12 eta EuskalOvo Km 0 erakundeetako kide diren Celestino Ajak eta Alex Garmendiak ere, eta horiek elkarteak egun dituen erronkak eta etorkizunean izango dituenak aurkeztu zituzten.

 

EUSKALOVO Km0 nekazaritza elkarte kooperatibo bat da, eta 2019an jaio da, ekoizleak elkartzeko asmoarekin eta ekoizle guztiei batera onurak ekarriko dizkieten eta, hitz batean, gero eta zorrotzagoa den merkatu batean kalitatearen hobekuntzan eta lehiakortasunean eragin nabarmenak edukiko dituzten zerbitzuak eta funtzionamendu egiturak ezartzeko bokazioarekin. Ekoizleek beren ustiategietako produktuei irteera komertziala bilatzen egindako lanaren emaitza da erakundea, baita zuzenean edo zeharka balio erantsi gehiago sortzen uzten duten baterako politika komertzialen emaitza ere.

 

Nekazari Ekoizleen Elkarte honetako kideek EuskalOvo Km0Hobea eta Norovo markekin merkaturatuko dituzte beren produktuak. Nekazari Ekoizleen Elkarteko kide izateak hegaztizainari ahalbidetuko dio bere produktua banatzen, bai azalera handietan (banaketa marka propioak sartuz), bai ohiko saltokietan eta Horeca kanalean. Helburua da batera iristea bakarka iristea ezinezkoa litzatekeen merkaturatze kanaletara.

 

Zortzi bazkide sustatzaile

Gaur egun, erakundeak zortzi bazkide sustatzaile dauzka, eta bazkide horiek 11 milioi euro inguruko negozio bolumena dute batera eta Bizkaian, Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan daude presente. Ekoizleak era askotakoak dira; bolumen ertaineko famili ustiategiak daude eta langile bakar batek osatutako ustiategi txikiak ere badaude, eta granja edo hazteko mota guztiak ere sartzen dira: kaiolakoak, lurrekoak, landakoak eta ekologikoak. Enpresa hauek dira:

– Avicola Aspuru

– Larrabe Oilotegia

– Granja Uriagereka

– Avicola San Blas

– Sat Reservado La Andaya

– Explotaciones Agropecuarias Sakana

– Aitziber Saez Sarachaga

– Leire Tellitu Rozas

 

Euskadin dagoen mota honetako lehen elkartea da EUSKALOVO Km0, eta elkartea sortzeko Eusko Jaurlaritzaren eta hiru foru aldundien laguntza eduki da. Nekazari Ekoizleen Elkarteak dira ekoizle txikiak batzea lortzeko eta horren bitartez industria eta banaketarekin indarrak orekatzeko EBk bultzatutako figura bat. Nekazari Ekoizleen Elkarteek Europako laguntzak eskuratu ditzakete batez ere (bultzatzeko modua izan zen), eta laguntza estatalekin osatuko dira laguntza horiek. Kasu honetan, Eusko Jaurlaritzak emandako laguntzekin osatuko dira. Sortu berri denez, Euskalovo Km 0 elkarteak ez du oraindik laguntzarik eskuratu, baina, bere sustatzaileen arabera, urtea amaitu baino lehen laguntzaren bat eskuratzea espero dute.