Daily Archives

urtarrila 18, 2016

  • José Luis Orbaiz, Iparlateko zuzendari nagusi berria

    Esperientzia handia du sektorean, eta Javier Yárnoz ordezkatuko du. Hark hasitako etengabeko hobekuntzaren prozesuaren buru izango da

    JosE Luis Orbaiz Azpillaga Iparlateko zuzendari nagusi izendatu dute. Haren aurrekoak, Javier Yárnozek, hasitako etengabeko hobekuntzaren prozesua finkatzea izango du helburu. Horrez gain, enpresak lehen sektorearekin duen konpromisoa indartzeaz eta Iparlateko hornitzaileekiko harremana estutzeaz arduratuko da Orbaiz, hala, elkarrekin, konpainiaren nekazaritzako elikagaien katearen maila guztien produktibitatea, eraginkortasuna eta errentagarritasuna indartzeko.

    José Luis Orbaiz Ekonomian lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, eta esperientzia handia du nekazaritzako elikagaien sektorean; bereziki, esnekien sektorean. Orbaizek, halaber, MBA du Madrilgo Business School / University of Houstonen, eta zuzendari nagusi izana da logistikako eta automobilgintzako zenbait enpresatan.

    Iparlateko lehendakari José Urrestarazuren iritziz, “José Luis Orbaiz izendatuta, Javier Yárnozen lekukoa hartzen jakingo duen norbait hasiko da gurean. Yárnozek asko lagundu du gure enpresa sendotzen azken sei urteetan, eta, orain, Orbaizi dagokio proiektu honen lidergo-lanak egitea, zehaztu ditugun helburu garrantzitsuak bizkorrago eta modu eraginkorragoan lortzeko”.

    Bestalde, José Luis Orbaizek honela esan du: “izendapen hau erronka pertsonala nahiz profesionala da niretzat. Badakit honelako enpresa batean -60 urte baino gehiagoko historia du- helburuak direla modu jarraituan haztea, eraginkortasuna indartzea, eta elikagaien kalitatearen eta segurtasunaren alde egiten jarraitzea. Horregatik, hemendik aurrera, nire ahalegin guztia egingo dut Administrazio Kontseiluak nigan jarri duen konfiantza itzultzeko eta etengabeko berrikuntza bultzatzen jarraitzeko, hura gure negozioaren garapen-oinarritzat hartuta”.

    IPARLATi buruz
    Euskadiko ganaduzaleen kooperatiben bateratzetik sortu zen IPARLAT. Mercadonaren barne-hornitzailea da 2002tik; gaur egun, lau fabrika eta 450 langile ditu, eta urtean 742 milioi litro ekoizten ditu.

    IPARLATek etengabeko lotura du lehen sektorearekin, zuzenean ganadu-ustiategietan egiten baitu bilketa; horri esker, ekoizpen-prozesu guztian dago, hasiera-hasieratik. Horrek erakusten du produktua ezagutzen duela, eta produktuaren kalitatearen bermea ere bada.