Daily Archives

maiatza 11, 2016

  • KAIKU sarituta, Gonzalo Nardiz sariarekin

    Iñigo Urkullu lehendakariak eman zituen atzolehen sektorean eta elikagaien industrian egindako ibilbide profesionala aitortzeko 2016ko Nardiz sariak.

    Saria jaso dute:
    – Nekazaritza sektorean: Kaiku kooperatiba.
    – Arrantza sektorean: Atunontzi izoztaileen Armadoreen Elkartea (ANABAC).
    – Elikagaien industria sektorean: Bacalao Giraldo enpresak.

    Lehendakaritzan egin da sari-banaketa eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak ere parte hartu du. Kooperatibako presidenteordea eta Goiaingo abeltzaina den Jon Agirrek saria hartu zuen.

    KAIKU Kooperatiba Elkartea pasa den mendearen erdialdean sortu ziren esne kooperatibetan du bere jatorria -Iruñean (Copeleche, 1953), Bilbon (Beyena, 1953) eta Gipuzkoan (Gurelesa, 1954)-.

    Gaur egun, Kaikuk 400 bazkide baino gehiago ditu eta Hego Euskadiko lurralde guztietako hornitzaileak.

    Sortu zen unetik, industria propioak bultzatu zituen ustiategietako esnearen bilketa bermatzeko. Esnearen bilketa egituratzen aritu zen eta esneari balio erantsia ematen, esnekiak landuz eta merkaturatuz. Azpimarratu behar da egiten duen funtzio soziala, izan ere, ustiategi txikien biziraupena ahalbidetzen du, mendialdeetan esnea bilduta eta kostu logistiko garrantzitsuak bere gain hartuta.

    Esnearen ontziratzeaz eta merkaturatzeaz ere arduratzen da enpresa partaidetuetan, esaterako, Iparlaten eta Kaiku Corporacion Alimentarian. Guztira, Kaikuk 1.200dik gora nekazariri ematen die zerbitzua, bai eta beste hainbeste hornitzaileri ere, eta urtean 160 milioi litrotik gora esne mugitzen du.

    Gonzalo Nardiz Bengoetxea Eusko Jaurlaritzak izan zuen lehen Nekazaritza Sailburua zen, bai eta garai hartan, 1936ko urriaren 7an, Jose Antonio Aguirre lehendakariak bere gidaritzapean osatu zuen kabineteko kiderik gazteena ere. Sasoi hartan 31 urte zituen eta jada Bermeo bere herriko zinegotzia, Bizkaiko Aldundiko kudeatzailea eta Bizkaiko Defentsa Batzordeko Hornidura Komisarioa izandakoa zen.

    Sailburu izan zen garaian, Gonzalo Nardiz nekazaritzaz, basoez eta mendiez arduratu zen. Euskadirako autohornitze kotarik handienak lortzea eta bertako abeltzaintzako eta basoetako aberastasuna zaintzea izan zituen helburu bere jardunean. Horretarako hartu zituen neurrietako bat izan zen aurretik baimenik gabeko ehiza eta zuhaitz mozketa debekatzea.

    Sailburu emandako urteetan, albaitaritzako arauak aldarrikatu zituen eta gerra zonaldeetan zeuden lurrak errentan eduki eta lantzen zituztenei errentak ordaintzeko luzamenduak eman zizkien.

    Gonzalo Nardiz ek, garai horretan, nekazaritza erreformatzeko proiektu bat landu zuen, baina ez zen onartu. Proiektuaren asmoa zen landa lurrren errentariei nekazaritza lurren jabe izaten erraztea, ‘Solidaridad de Trabajadores Vascos y de Acción Nacionalista Vasca’ sindikatuaren nekazaritza programa baten arabera.
    1939an Francoren tropek irabazi ondoren, Gonzalo Nardiz ek, Gobernuko beste kideek bezala, erbesterako bidea hartu zuen, eta han 40 urte eman zituen. Parisen, Mexikon bizi zen, eta, 1946az geroztik, Donibane Lohitzunen. Erbesteko Eusko Jaurlaritza desegin eta gero, Gernikako Estatutua onartu zenean, Gonzalo Nardiz jarduera politikotik aldenduta egon zen guztiz. 2003ko urriaren 25ean Bilbon hil zen, 97 urte zituela.