Monthly Archives

abendua 2016

  • Ondorioa

    Orokorrean, Printzipio Kooperatiboak Mugimendu Kooperatiboaren zati funtsezkoena dira. Hasieratik bertatik Mugimendua hezurmamitu duten balioen ondorioa, Mugimenduaren ikuspegi esanguratsuek sortzen dituzten jarrerak zehaztu eta egiturak osagarritu egiten dituzte.

    Erakunde kooperatiboak garatzeko kooperatibistek baliatzen dituzten jarraibideak dira. Berez, oinarrizko printzipioak dira, belaunaldien eskarmentuaren eta pentsamendu filosofikoaren ondorioa. Hortaz, malguak, maila desberdinetan, kooperatiba desberdinetan, egoera desberdinetan gauzagarriak dira. Edozeren gainetik zera eskatzen dute, kooperatibistek erabakiak har ditzatela: esate baterako, bere erakundeen demokraziaren izaeraz, partaide desberdinen eginkizunez, eta sortutako etekinen banaketaz. Funtsezko ezaugarri hauek egiten dituzte kooperatibistak eraginkor, kooperatibak desberdin, eta Mugimendu Kooperatiboa baliotsu.

  • Komunitatearen interesaren Printzipioa

    Kooperatibek lan egiten dute bere komunitateen garapen eusgarria lortzeko, bazkideek onartutako politiken bidez.

    Kooperatibak bereziki bazkideen onurarako sortutako erakundeak dira. Bazkideen arteko batasun sendo honen ondorioz, batzuetan, eremu geografiko zehatz batean, kooperatibak maiz egoten dira loturik bere komunitateei. Erantzukizun handia daukate bere komunitateen garapena kulturalki, sozialki eta ekonomikoki eusgarria izan dadin. Era berean, komunitate horietako ingurumena babesteko erritmo iraunkorrean lan egiteko erantzukizuna ere badute.

  • Kooperatiben arteko elkarlanen Printzipioa

    Kooperatibek bere bazkideen alde jokatzen dute ahalik eta ongien eta Mugimendu Kooperatiboa indartzen dute, herri, nazio, eskualde eta nazioarteko egituretan elkarrekin lan eginez.

    Kooperatibek soilik biderkatu dezakete bere eragina elkarlan zehatz eta zorrotzaren bidez. Tokian tokikoan ez ezik, mundu osoan ere bai. Estatuek nazioarteko ekonomia kontrolatzeko ahalmena galtzen duten heinean, kooperatibek aukera ederra daukate jende xumearen interes zuzenak babestu eta zabaltzeko.

    Printzipio honek aliatu ezin hobea dauka Balio eta Printzipio Kooperatiboetan, munduko kooperatiba guztien altxor ideologikoa, muga, ekoizpen-sektore eta sistema politikoen gainetik elkarlanaren beharra ulerrarazten duena. Badaukagu guztiona den zerbait babestu beharra:  Nortasun Kooperatiboa.

    Kooperatiben batasunaz edota elkarlanerako jarduera zehatzez gain, egitura instituzionalek (Federazioek, Konfederazioek eta, azkenik, Nazioarteko Aliantza Kooperatiboak) lan izugarria egiten dute arlo honetan.

  • Hezkuntza, heziketa eta informazioaren Printzipioa

    Kooperatibek hezkuntza eta heziketa ematen diete bazkideei, haututako ordezkariei, zuzendaritza taldekoei eta langileei, kooperatiben garapenean era eraginkorrez lagundu dezaten. Gizartea, bereziki gazteak eta iritzi-gidariak, informatzen dute, kooperatiben izaeraz eta onurez.

    Kooperatibak osatzen dituen jendea, bazkideak edo ondasun eta zerbitzuen ekoizpenerako kate-mailak bainoago, pertsonak dira, eta, Printzipio hau dela eta, Mugimendu Kooperatiboak garrantzi handia eman dio jendearen garapen osoari zein hezkuntzari. Balio eta Printzipio kooperatiboei buruzko hezkuntza bereziki, kooperatibak osatzen dituzten lagunek argi eta garbi eduki dezaten enpresa bateko langile hutsa baino askoz gehiago badirela. Jendeari balio hauek jakinarazteaz gain, onartu eta bere egin ditzaten lortu behar da.

    Kooperatiben beste arrakasta historiko bat langileen etengabeko heziketagatiko kezka izan da, arlo tekniko hutsetatik harantzago joanez lehenago aipatu dugun garapen oso hori eskuratzeko.

    Informazioa zera da, gizarteari eredu kooperatibistaren onuren berri ematea, bai gizarte eta ekonomia antolakuntzaren eredu gisa, bai mundu hobe baten aldeko etorkizuneko apustu gisa.

  • Autonomia eta independentziaren Printzipioa

    Kooperatibak nork bere buruari laguntzeko elkarteak dira, bazkideek kudeatzen dituztenak. Beste erakunde batzuekin hitzarmenak sinatzen badituzte, gobernuak barne, edo kanpo finantziazioa lortzen badute, bazkideen kontrol demokratikoa eta kooperatibaren autonomia bermatzeko moduan egin behar dute.

    Enpresa kooperatibak modu zuzenago batez banatzen ditu etekinak, berauek lortzeko lanean ibili diren guztiak banaketako partaide bihurtuz. Horrela aitortu egin dute gobernu eta legeria gehienek. Era berean, legegintzaren bidez estatuek sustatu eta lagundu egiten dute kooperatiben sorkuntza. Hala ere, laguntza horrek bere iturburua dauka kooperatibaren kontzeptuan bertan zein enpresa mota hau hezurmamitzen duten balio eta printzipioetan. Horregatik, sustapen jarduera hau beharrezkoa bezain baldintza gabekoa da eta ezin izango du inoiz kooperatibaren izaera lardaskatu dezakeen baldintzarik jarri, ezta kooperatiben kontrola bazkideen Batzar Orokorrari kendu ere.