Monthly Archives

urria 2018

  • Federazioaren presidentea den Pablo Duranak, FEIRACO kooperatibaren 50 Urtemugan parte hartzen du

    Joan den astelehena, Santiago de Compostelan, 300 bat pertsona,  bazkide, bezero eta laguntzaile, bildu ziren Feiracoren berrogeitamar urteurrena ospatzeko. Bertan, beste batzuen artean, Galiziako Xuntaren presidentea eta Federazioaren presidentea den Pablo Durana egon ziren.

    Gaur egun, Feiraco-k, Os Irmandiños eta Melisanto kooperatibekin, CLUN–(Cooperativas Lacteas Unidas) izeneko kooperatiba osatzen du. Hain zuzen ere, Galizian abeltzaintzan dagoen proiekturik handiena da eta Espainan handienetariko bat.

  • Merkataritzan eta marketin inteligentean aholkularitza

    Dakizunez, AGROSMARTcoop proiektu europeoan parte hartzen ari gara. Proiektu honetan, kooperatibei aholkularitza zerbitzu pertsonalizatuta, bai merkataritzan, bai marketing inteligentean, eskeintzen zaie

    Aholkularitza eta laguntza pertsonalizatuta zerbitzu honen bidez, kooperatibak egin ditzake galderak, dohainik, gai hauetaz: estrategia berriak eta TIC tresnak, merkaturatzea, marketina, e-business, e-marketin eta e-commerce.

    Zerbitzu hauek proiektuak dituen 5 alde estrategikoetan egin daitezke, alegia, olioa, haragia, ardogintza, esnekiak eta baratzak.

    Bi aholkularitza-ildo daude:

    • Merkataritza estrategietan aholkulartiza eta TIC tresnetan sarrerako aholkularitza. (Zerbitzu Teknikoa)
    • Marketin plan estrategikoak egiten laguntzea  eta bideratzea. (Marketin inteligente plana)

    Atxikita informazio osagarria.

    Interesaturik egonez gero, jarri zaitez harremanetan gure teknikoa den Maite Corresekin, bai mcorres@euskadi.coop e-postaz, bai Federazioaren telefonoz.

    Epea: Azaroaren 30a arte.

    Convocatoria_AsesoramientoMarketing_AGROSMARTcoop_ES_TUTORS_vs2

    Anuncio_Invitación_AsesoramientoComercializacion-inteligente_AGROSMARTcoop_vs1

  • Baserria Km0 kooperatibak eta Basoa fundazioak elkar hartu dute ‘Arbol bat babestu’ proiektu solidarioa abian jartzeko, zeinaren bidez zuhaitzak landatuko baitira

    • Bi eragileek baso sartze proiektu bat garatuko dute eta, horren bidez, 3,4 hektarea basotuko baitituzte Valderejoko Parke Naturalean, espezie autoktonoak erabiliz

    Baserria km0 kooperatibak, zeinak 300 baserritar baino gehiago biltzen baititu, hitzarmena izenpetu du gaur BASOA fundazioarekin, zuhaitzak landatzeko proiektu solidario bat abian jartzeko. Ekintza horren bidez, harri koskortxo bat ekarri nahi da klima aldaketaren aurkako borrokara, eta atmosferako CO2 isuri maila beheratzen lagundu.

    “Zuhaitzek onura ugari dakarzkigute: atmosferako CO2 gasa xurgatzen dute, zeina baita klima aldaketaren erantzule diren berotegi efektuko gasetako bat; eta zur forman finkatzen dute, zeina lehengai naturala, berriztagarria eta erabilera eta onura ugarikoa baita. Bioekonomiaren eta ekonomia zirkularraren oinarri den materiala. Zuhaitzek, gainera, oxigenoa askatzen dute atmosferara, eta funtsezko zeregina dute higadura kontrolatzean eta uren erregimen hidrologikoa arautzean. Gure paisaiak, gure airea eta gure errekak eta ibaiak ezagutzen ditugun bezalakoak dira basoei eta haiek lantzeari eta kudeatzeari esker”, azaldu du Patxi Aldasorok, Baserria Km0 kooperatibako zuzendariordeak.

    Proiektuaren helburu nagusia landare estalkia lehengoratzea da eta, horretarako, zuhaitz espezie autoktonoak jarriko dira, ahalbidetu dezaten ekosistema baldintza onak izango dituen basoa garatzeko baso dinamika ezartzea. Lehenengo landaketa horretarako, Baserria km0-k eta BASOA fundazioak akordio bat egin dute Valderejoko Administrazio Batzarrarekin, baso sartze proiektu bat gauzatzeko, eta, horri esker, espezie autoktonoak sartuko dira 3,4 hektareako eremu batean Lalastran, Gaubeako udalerrian, Valderejoko Parke Naturalaren barruan.

    Aurkezpenean, Nekazaritza Diputatua den Eduardo Aginakok parte hartu du. Diputatuak adierazi du basogintzan, kudeaketa publikoa oso inportantea dela, landaketa Valderejoko lurraldeetan egingo baita.

    Egokitze eta baso sartze lanak 2019ko martxo inguruan egingo dira, klimatologia baldintzen arabera.

    Eremu horretan harkaitz irtengune ugari dago, eta lurzorua sakonera txikikoa eta eskasa da (horrek asko mugatzen du proiektuaren diseinatze lana). Litologia kareharrizkoa da eta, beraz, lurzoruak oinarrizko pH-a dauka eta kareharri aktiboa egon daiteke (horra hor kontuan hartu beharreko beste alderdi mugatzaile bat). Duela 30 urte inguru, jardun eremu horretan basoa sartu zen, baina hainbat arrazoi dela eta, landatutakoa ez zen sustraitu. Gaur egun, landa lur hartan arte bakanen bat baino ez dago, zuhaixka espezieko landare txikiren batekin batera.

    Proiektu hori kudeatzeko, eragin trukea izango da hiru erakunderen artean, elkarrekin harremanetan baitaude aldebiko akordio adostu eta borondatezkoen bidez. Valderejoko Administrazio Batzarra da lursailaren jabea. Jabetzak berea izaten jarraituko du, baina haren zaintza Basoa fundazioari lagako dio, eta hark gauzatuko ditu zaintza eginkizunak (lanak diseinatu eta gauzatuko ditu). Baserria km0 erakunde finantzatzailea izango da.

    Diptico Apadrina un arbol-GRANDE

  • Espainako ministroak, UDAPA eta PATURPAT kooperatiben standa bisitatu du “Fruit Attraction” azokan

    “Fruit Attraction” izeneko baratza eta fruita azoka dela eta, gaur eta bihar, Madrilen, UDAPA eta PATURPAT kooperatibek stand bat jarri dute bertan.

    Azokak, 120 herrietako 1.600 enpresa biltzen ditu eta mota guztietako fruita eta baratza ikusteko aukera eskaintzen du, hala nola formatoak eta hornitzaileak ere.

    Azoka inauguratu eta gero, Nekazaritza Ministroak stand batzuetik pasatu da. Hoietako bat, UDAPA eta PATURPAT kooperatibarena. Bertan, Alfonso Saenz de Camara eta Koldo Lopez de Robles, bi enpresen zuzendariak, hurrenez hurren, zegoelarik. Ministroarekin batera, Espainako Nekazari-elikagaien Kooperatiben Konfederazioaren presidentea den Angel Villafranca egon da.

  • MUNDUKO LANDAGUNEA FAO-n

    Joan den astean, MUNDUKO LANDAGUNEko ordezkapen batek Erroman dagoen FAO – Nekazaritzarako eta elikagintzarako Nazio Batuen Erakundea bisitatu zuen.

    Bisitaren helburua, (2019-2018) Familia Nekazaritza Hamarkadarekin lotuta dago, Munduko Landaguneak hamarkada honen eragile eta arduradun handiena bait da.

    Irteeraz, herrietako komitez, FRM-FAOren arteko hitzarmenaz, datorren urtean Bilbon egingo den Munduko Landagunearen IV Biltzarraz eta abarretaz hitz egin zen.

    Munduko Landaguneko presidentea den Jose Maria Zeberiok, FAOren biltzar nagusian, Familia Nekazaritza Hamarkadaren aurkezpena egin zuen.  Honekin batera, bilera batzuk egon ziren eta Munduko Landagunea zuzendaritza osatzen duten  erakundeen ordezkari asko egon ziren. Hain zuzen ere, Munduko Landaguean den presidente-ordea, Martin Uriarte, Federazioaren partetik dago. Martin Uriarte, LORRAko zuzendaria eta Federazioaren presidente-ordea ere bada.

    Atxikita argazki batean, Jose Maria Zeberio, FAOren biltzar nagusian parte hartzen. Bigarren argazkian, atsedenaldi batean, ENBAren aldetik Xabier Iraola, HAZIren aldetik Jone Fernandez, Laboral Kutxaren aldetik Jokin Gorriti eta Federazioaren aldetik Martin Uriarte daude.

  • Euskadiko Mugimendu Kooperatiboa, euskera erabiltzearen aldeko EUSKARALDIA kanpainaren alde

    EUSKARALDIA, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bideratuko den ekimena da eta euskararen erabilera areagotzea eta hizkuntza ohituretan eragitea du helburu.

    Ekimenaren asmoa euskaltzaleak aktibatzea da, azken ikerketek baitiote euskararen ezagutza handitu dela, baina erabilera ez dela areagotu hein berean. Hori dela eta, Euskaraldiak 11 egun horietan 16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi eta Belarriprest izateko gonbitea egiten du.

    Ahobiziek ahal duten guztietan euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute eta Belarriprestek, berriz, ulertzeko gai baina egiteko gai ez direnek, euskaraz aritzeko gonbidapena egingo diete gainerakoei.

    Kanapainaren aldeko ekintza joan den 16an, asteartea, egin zen. Euskadiko Kooperatiben Mugimenduaren osatzen duten kooperatiben federazioaren  ordezkariak eta langileak egon ziren, besteaz beste, nekazari-elikagaiengoak, lan-elkartukoak, irakaskuntzakoak, kontsumokoak, garraiolarikoak, eta abar.

    Euskaraldiako sustatzaileak, besteak beste, dira: Eusko Jaurlaritza Nafarroako Gobernua, Foru Aldundiak, Eudel, Euskaltzaindia, unibertsitateak, enpresak eta herri-erakundeak.

  • UDAPA KOOPERATIBAK BERE 25. URTEMUGA OSPATU ZUEN

    Joan den asteartea, patatak merkaturatzen dituen UDAPA kooperatibak bere 25. Urtemuga ospatu zuen, Vitoria-Gasteizko Artium Museoan.

    Jardunaldian jende asko egon zen, bai bazkideen aldetik, bai hornitzaileen aldetik, bai langileen aldetik, bai instituzioen ordezkarien aldetik ere.

    Ospakizunaren hasieran, kooperatibaren antolakuntza eta osaketa azaldu zen. Jarraian kooperatiba errealitate bihurtu zuten pertsonei aintzatespen bat egin zitzaien. Bereziki, asmoaren liderra izan den Roberto Ruiz de Infanteri, bere erretiroa dela eta.

    Ekitaldia, neurri handi batean, kooperatibaren zuzendaria den Alfonso Saenz de Camarak zuzendu zuen, eskerrak emonez bertaratutakoei eta ordezkaturik zeunden taldeei.

    Era berean, kooperatibaren presidentea den Sergio Lasartek hitz egin zuen, hala nola langileen ordezkariak eta beste batzuk.

    Instituzioen aldetik, Arabako Diputatu Nagusia den Ramiro Gonzalez mintzatu zen. Bere solasaldian, UDAPA kooperatibaren izaera eta arabar izaera antzekoa dela azaldu zuen.

    Jardunaldia aprobetxatu zen ALBOAN ONGri opari bat egiteko, Afrikako Kongon, kooperatibak ONGrekin duen kooperatibismoa bultzatzeko elkarlanaren proiektuaren barruan.

    Eguna bukatu zen patataz sukaldaturiko pintxo dastaketa batekin eta jai txiki batekin, musika bikote batek alaituta.

  • LEHENDAKARIAK PATURPAT KOOPERATIBA INAUGURATU DU

    • Lehendakariak Paturpat patatak prozesatzeko instalazioa inauguratu du
    • Iñigo Urkulluk adierazi du konfiantza eragiten duten eta hazkuntza iraunkorra sustatzen duten inbertsio horiek bultzatzeko konpromisoarekin jarraituko dutela erakundeek

    Iñigo Urkullu lehendakariak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, Arabako Diputatu Nagusia den Ramiro Gonzalez eta Administrazioaren beste ordezkari aldamenean zuela, patatak prozesatzeko Paturpat kooperatibaren instalazio berriak inauguratu ditu gaur goizean.  

    Eskainitako hitzaldian, Lehendakariak erakunde publikoen eta enpresen arteko “elkarlan leialeko eredua” azpimarratu du inbertsioa bultzatuko duen konfiantza-giro bat sortzeko. Horrela, baterako lanaren eta etorkizunari begira egindako inbertsioaren garrantzia azpimarratu du.

    Lehendakariak azaldu duenez, produkzio-ekonomia erreala babesteko eredu bat da eta, kasu honetan, jarduerako lehen sektorea babesteko bereziki. Zentzu horretan, Lehendakariak adierazi du konfiantza eragiten duten eta hazkuntza iraunkorra sustatzen duten inbertsio horiek bultzatzeko konpromisoarekin jarraituko dutela erakundeek. “Ekonomia-jarduera eta enplegu-aukerak sortzea lankidetza-eredu hau indartzeko dugun gaitasunak baldintzatzen dituela” esan du.

    Lehendakariaren arabera, baterako lana “borondateak batuz eta produkzioan kooperatuz” sortzen da, produktuaren kalitatearekiko konpromisoraino heltzen da eta ikerketan inbertitzen du hautabide berritzaile gehiago eskaintzeko.

    Amaitzeko, “lankidetza-eredu hau proiektu berriak abian jartzeko eta esparru eta sektore guztietan gure ekosistemaren lehiakortasunean aurrera egiten jarraitzeko gakoa dela” esan du Lehendakariak.

     PATURPAT Kooperatiba

    Paturpat sortu zen, bertako langileek produktu berriak ikertzeko eta garatzeko lan handia egin eta nekazaritzako elikagaien sektorean erreferentziako zentro teknologikoen babesa jaso ondoren. Enpresak 5. gama deitutakoaren barruan sailkatutako kontsumitzeko prest dauden produktuak merkaturatzen ditu. Era horretan, DEPATATA, PATURPAT bere marka komertzialaren bitartez, hainbat modutara moztutako patata eskaintzen du, zuritua, hutsean bilgarriratua eta lurrunetan kozinatua, kontserbagarririk eta alergenorik gabe, patatarekin egindako plateretan erabiltzeko prest.

    Patata prozesatzeko instalazio berritzaile hau —24 langile ditu— martxan dago bertan egindako 3,5 milioi euroko inbertsio bati esker.

    Iturria: Irekia

  • Euskadi osoko ehun bat emakumek ospatu dute Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna

    • 2019an landa eremuko elkarte profesionalek ezingo dute diru-laguntzarik jaso zuzendaritza taldeetan emakumerik ez badago
    • Neurria, ahobatez 2015ean onartutako Emakume Nekazarien Euskal Estatutuak jasotzen du eta 3 urteko epea izan dute elkarteek egokitzapena egiteko
    • Emakume Nekazarien Euskal Estatutua izan da gaur Lakuan egin den Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko egunaren ospakizunaren ardatza

    Euskadi osotik etorritako ehun emakume baino gehiagok ospatu dute gaur Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna. Arantxa Tapiak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak itxi duen ekitaldiak gai nagusitzat izan du Emakume Nekazarien Estatutuaren garapena. Estatutu hori aho batez onartu zuen Eusko Legebiltzarrak 2015eko urrian.

    Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak antolatu du zabalkundea egiteko ekitaldia eta departamentuko sektoreko arduradunen eta Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordearen babesa izan du.  Hasierako hitzen ondoren, Emakume Nekazarien Estatutuaren Oraina eta Etorkizuna izeneko ponentzia azaldu dute Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendari Irma Basterrak eta Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari Ikerne Zuluagak.

    Parte hartze orekatua lortzeko bidean

    Lehendabizi, Estatutuaren edukia eta helburuak azaldu dituzte eta, ondoren, sektorearen egungo egoera zehaztu dute eta, bereziki, Estatutua bultzatu eta helburu horiek lortzeko bidean Eusko Jaurlaritzak dituen planak. Horrela, bada, aurten bertan abian izango dela adierazi dute.

    Honakoak dira 2018an zehar garatu diren lan lerro nagusienak: nekazaritzako ustiategietan emakumeen titulartasuna sustatzea (nekazaritza sektorean 21.796 dira titularrak eta horietatik 7.402 emakumeak, %34), nekazaritza sektoreko erakundeetan emakumeen ordezkaritza bultzatzearekin batera; eta, gainera, sektorearen araudia egokitu nahi da, emakumeak sektorean aitortzea eta ikusgarritasuna ematea eta genero ikuspegian eta ikuspegitik heziketa eskaintzea.

    Gainera, iragan urtarrilean Estatutuaren Jarraipen Batzordea eratu zen, Estatuaren betetze mailaren jarraipena egin ahal izateko xedearekin.

    Erabaki organoetan ordezkaritza

    Baieztatu zutenez, “lehentasunetako bat da erabakitze organoetan gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzea. Helburu horretan guztiok gaude inplikatuta: administrazioak, elkarteak eta nekazaritza sektorea, oro har”. Jakina da nekazaritza arloko elkarte eta erakunde profesional ugarietako erabakitze organoetan emakumeek ordezkaritza txikia dutela, eta Estatutuaren helburuetako bat da gizonak eta emakumeak masa sozialean presente egotea eta erabakitze organo horietan modu orekatuan parte hartzea. Parte hartze hori errazteko, euskal administrazioak honako bi datak azpimarratu ditu: bata, 2019ko urriaren 22a, egun horretatik aurrera ez baitzaie diru laguntzarik emango nekazaritza alorrean ari diren  erakunde profesionalei, enpresa erakundeei, sindikatuei edo bestelakoei zuzendaritza organoetan emakumerik ez badute; eta, bestea, 2021eko urriaren 22a, egun horretatik aurrera ez baitzaie diru laguntzarik emango emakumeen presentzia zuzendaritza organoetan gutxienez orekatua ez bada. Hau da, organoen %40a emakumeez osatua egon beharko da gutxienez.

    Marixe Noyaren hitzaldia

    Ikerne Zuloagaren eta Irma Basterraren parte hartzearen ostean, Marixe Noya Arrizabalagarena etorri da.  Bere hitzaldiaren izenburua “Ahalduntzen duten kulturak” izan da, eta bertan azaldu du zer ulertzen den emakumeek  gune publikoan edo nekazaritza sisteman duten parte hartzeaz. Kritika egin du esparru pribatu eta esparru publikoa banantzen direlako eta argi utzi nahi izan du emakumeek betidanik parte hartu dutela landa inguruneetako ekonomian eta, gaineratu, nekazaritza sistemak ez zuela bizi iraungo sarritan ordainik gabe etxean nahiz landan emakumeek egindako lanik gabe.

    Iturria: Irekia

  • Itxaropen onak, Araba Errioxako mahats-bilketan

    Mahats zuri guztia jasota eta mahats beltzekin egoera desberdinetan, 2018ko Arabar Errioxako mahats-bilketaren itxaropenak oso onak dira.

    Hegoaldean, Oionen eta Lapuebla de Labarkan, mahats-beltzaren bilketa %50a gainditu da. Elbilarren, Kripanen, Lantziego eta Iekoran, bilketaren maila %10a eta %30en artean kokatzen da. Labastidan, aldiz, ia biltzear daude.

    Azken aste hauetako eguraldi ederrak mahats onak ekarri ditu, bai kopuruan, bai osasunean. Agian, zenbait lekutan, gradu alkoholikoa bajua da. Horrexegaitik, mahats bilketa astiroago doa, gradua igotzeko asmoz.

    Kooperatibek, urtero, 15 miloi kilo, mahats jasotzen dute, Arabar Errioxako %15a gutxi gora behera.