1

Balioak

Kooperatibak nork bere buruari laguntzean, norberaren arduran, demokrazian berdintasunean, zuzentasunean, elkartasunean, zintzotasunean, gardentasunean, eta gizartegintzan oinarritzen dira

“Nork bere buruari laguntzea” jende guztiak bere patua kontrolatu ahal eta behar duelako ustean oinarritzen da. Norberaren gaitasun eta baliabideetan fidatzea da. Kooperatibistok, gainera, zera sinesten dugu, gaitasun horiei etekin handiena ateratzeko era onena dela besteekin elkartzea.

Elkarrekin aritze horrek, “denok batera” horrek, “norberaren arduraren” berme erantsia darama. Seriotasunez egiten dugu elkarlanaren aldeko apustua. Nor bere lekutik, baina elkarlanaren ondoriozko talde horrek lagunduta, guztion proiektuaren eraginkortasunaren arduradun gara.

Berdintasunean” oinarritzen dira kooperatibak. Kooperatibaren oinarrizko unitatea bazkidea da eta bazkide kontzeptua kooperatibetan berdintasunezkoa da. Honek esan nahi du berdinak garela pertsona izate hutsagatik. Nahiz eta oinarri-oinarrizkoa iruditu, gizakiari buruzko ideia hau ez da betetzen batik bat kapitalaren etekinei begira dauden enpresetan. Kooperatibetan bozka emateko, informazioa jasotzeko eta etekinetan banatzeko eskubide berberak dituzte bazkide guztiek, jarri duten kapitalaren kopurua kontutan hartu gabe.

Baina kooperatiba bat osatzen duten pertsona guztiak berdinak badira ere, ezin da ahaztu Printzipio hau beste Printzipio batek, “zuzentasunarenak”, hain zuzen, hobetzen duela. Guztiok aukera berberak ditugu, baina bakoitzak jasoko du eman duenaren arabera, egin duenaren arabera. Adibidez, kooperatiba batean etekinak banatzean, ez dugu inoiz kontuan edukiko bakoitzak jarritako kapitalaren kopurua, “kooperatibizatutako jarduera” baizik.

Hurrengo balioa “elkartasuna” da. Balio honek historia luzea eta emankorra dauka Mugimendu Kooperatiboan. Jarduera kooperatiba ez da soilik norberaren interes mozorrotua. Kooperatiba bat ez da bazkideen elkarte hutsa, kolektibitate bat baizik. Elkarlanean fidatzen garenez, taldearen interes orokorrekin zein taldekide bakoitzaren interes partikularrekin bat egiten dugu. Eta garrantzitsuena zera da, elkartasun jarrera hori Kooperatibaren barruan geratzen den indarra izatetik Kooperatibak kanporantz bideratzen duen indarra izatera pasatzen dela, guztion ongizatearen zerbitzuan jartzeko, ez Kooperatibaren zerbitzuan, gizarte osoarenean baizik.

Zintzotasuna” kooperatiben beste ezaugarri bat da. Historikoki kooperatibak saiatu dira pisu eta neurri zuzenak erabiltzen, eta aitzindariak izan dira produktuen kalitatea eskatzen. Kalitatea ez da salneurri zuzenaren etsai izan behar, kontsumo-kooperatibek erakutsi egin duten bezala. Lan elkartuko kooperatibek, bestaldetik, historian ospe ona lortu dute kudeaketa irekiko sistema zintzoak sortzeko egindako lanagatik. Mailegukoek ere beste horrenbeste lortu dute mundu osoan negozioetan erakutsitako zintzotasunagatik, bereziki interesak kalkulatzerakoan. Eta nekazaritza-kooperatibek aurrera egin dute kalitate handiko eta ondo etiketatutako produktuekiko konpromisoa azalduz, elikagaien segurtasunaren kezka orokorretik abiatuta.

Zintzotasun honek isla garbia dauka kooperatiben balioetatiko bat den “gardentasunean”. Ez dago kooperatiba bezalako enpresa egiturarik, bazkideen, administrazioaren eta gizarte osoaren informazio eskaerak erraztu eta azkartzeko.

Gizartegintza” da kooperatiben aktiboen zerrendari bukaera ematen dion balioa. Egia esan, beste guztien ondorio hutsa da. Horrela, talde baten elkarlanak talde horren beharrak asetzeaz gain, garatzen den gizartean eragin zabala lortzen du, eta nork bere buruari laguntzeak, zuzentasunak eta elkartasunak bere baitan biltzen dituzte kooperatibaren interes hutsak baino zabalagoak diren beste batzuk, hots, gizarte osoaren interesak. Adibide gisa, hor dago legeak kooperatibei onartzen dien eskubidea bere etekinen zati bat haien inguruko sustapen kultural, profesional edota asistentzialean gastatzeko.

Laburbilduta, oso zaila izango litzateke balio hauek gizakiaren zein enpresaren ikuspuntutik gaitzestea; beraz, Mugimendu Kooperatiboko partaide guztion erantzukizuna da balio hauek gure kooperatiben eguneroko jardueran islatzea.